Sábado, 14 Diciembre 2019

Pilotazaleok, bagoaz

21iguales pilotaren gaurkotasunari lotutako atari digitala ziklo berri batean sartuko da, orain arteko filosofia eta lan estiloari amaiera emanez.

 

2013an Juan Martinez de Irujo eta Aimar Olaizolak jokatu zuten buruz buruko finalarekin batera hasi ginen pilotaren gaurkotasuna landuko zuen atarian gure ilusio eta esperantza guztiak jartzen. 21iguales webguneak aro berri bati hasiera eman zion pilota bezalako mundu tradizional batean egun hain erabiliak diren zerbitzu berrietara hurbilduz. Pilota partidak zuzenean komentatu ditugu, bideo eta argazkiak eskegi ditugu; azken finean, hainbeste nahi genuen pilota albisteen webgunea sortu genuen. 

 

Sei urteko lan gogor bezain ederraren bitartez, zuzenean saiatu gara gure webgune zein sare sozialetatik txapelketa, udako feria zein jaialdi guztietako informazioa helarazten. Orain, lan guzti horren ondoren, 21iguales ataria agurtzeko ordua iritsi da; orain ezagutzen duzuen bezala, behinik behin. Inoiz eman nahi ez genuen albistea da honakoa baina ezinezkoa izan zaigu proiektua errentagarri bihurtzea, nahiz eta hobetzeko tarte asko dagoela uste dugun. Horrekin guztiarekin, ezinezkoa zaigu ekonomikoki atariak dituen gastuei eustea eta denbora aldetik ere ezinezkoa da egiten dugun lana aurrera ateratzen jarraitzea. Erabaki gogor bezain hausnartua da taldea osatzen dugun bi pertsonen aldetik, baina ez dugu beste irtenbiderik ikusi.

 

Ez dugu egun batetik bestera hartu erabakia, denbora luzean ondo hausnartutako amaiera izan da. Ondorioz, 21iguales, pilota munduko irudi banku bat izango da aurrerantzean, maiztasun txikiagoan, noski. Esku pilota gure pasioa da eta ez dugu pilotalekuetatik gehiago aldendu nahi.

 

Urte guzti hauetan pertsona asko ezagutu ditugu, bukaerarako lagun handi bilakatu direnak. Gainera, oso gertutik ezagutu eta bizi izan dugu pilota profesionala inguratzen duen mundua, gauza asko ikasiz pertsonalki naiz profesionalki. Baita ere, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu urte guzti hauetan izan ditugun erabiltzaile orori, webgune zein sare sozialetakoei. Jarraitzailerik gabe ekin genion bideari, poztasun eta ilusio handienarekin, baina esperantza horiek apurka-apurka etsipen profesionalean bilakatzu dira. Ezin diogu inori ezer aurpegiratu, guztiz kontrakoa, amaiera hau izango genuela jakinda ere berriro saiatuko ginake gehien gustatzen zaigunagatik lan egiten.

 

Eskerrak ere eman nahi dizkiegu gure senitarteko zein lagunei gurekin izan duten pazientziagatik. Ez da erraza horrenbeste asteburu eta gau luzez lan egitea ordainsari txiki edo ezaren truke. Beti egon dira gure aldamenean sei urte hauetan, animo eta laguntza guztia eskainiz denbora zailetan. 

 

Eta nola ez. Ezin gara agurtu 21iguales ataria posible egin duten enpresen laguntza eskertu gabe. Pelotadenda izan zen lehena gure proiektuan sinesten eta ondoren etorri ziren Kiroljokoa, Bodegas Taron, Reta, Viajes Divertis, Chiruca, Kirolbet, Azkitpilota eta Korrikolari. Bestetik, pilota afizionatu munduan dauden txapelketa garrantzitsuenek ere beraien laguntza eskaini digute: Euskal Herriko klub txapelketa nazionala, Bergara Hiria, Soraluzeko lau terdikoa eta Goñiren Oroimezko txapelketekin ere oso eskertuta gaude eman diguten tratu bikainarengatik. Mila esker.

 

Hurrengo asteetatik aurrera gure kontzeptua aldatuko dela argi dago, baina ez ditugu pilotalekuak alde batera utziko. Aste honetan hasiko den binakako txapelketak lan karga txikiagoa izango du baina aldi berean zaila izango zaigu horretara ohitzea. Beste behin azpimarratu nahi dugu erabaki oso gogorra izan dela guretzat, baina espero dugu gure lagun pilotazaleek ulertzea. Bihotzez eskertzen dizuegu urte hauetan gurekin batera pilotagatik lan egiteagatik eta zinez espero dugu pilota ere hazten jarraitzea, kirol handia baita.


MILA MILA ESKER!!

Tags:

Escribir un comentario


Código de seguridad
Refescar

Portal de noticias de pelota mano.
Cartelera, resultados, campeonatos,
ferias, partidos... toda la actualidad
del mundo de la pelota vasca.

Contacto